Online erosketetan itzultzen al dizute dirurik? Ezagutu doako eta ordainpeko cashback webak
egilea: Kontsumobide,
Erosketa bat egiten baduzu internet bidez eta hurrengo erosketetan deskontuak edota diru-itzultzeak izateko aukera eskaintzen badizute, kontuz Onartu ekintza sakatu aurretik. Eskaintza erakargarrienak, deskontu handiak dituztenak, kontraprestazio ekonomikoren bat ezkutatzen dute. Hartu denbora eta irakurri arretaz letra xehea. Horrela jakingo duzu doako cashback plataforma baten aurrean zauden ala ordainpeko harpidetza exijitzen duen erosketa-klub pribatu baten aurrean. Biak dira deskontuak edota diru-itzulketak lortzeko modu zilegiak, baina bigarrenak zorrak sor ditzake hilean zure kontu korrontean.
Cashback edo diru-itzultze plataforma doakoak
Cashback edo diru-itzultze plataformak web-orriak dira, online egindako erosketen ehuneko bat itzultzea eskaintzen dutenak, doan. Horretarako, erregistratu egin behar duzu aurretik. Ezagunenetarikoak dira Beruby eta Lyoness.
Funtzionamendu sinplea daukate. Web horiek akordioak sinatzen dituzte marka ezberdinekin eta salmentengatik komisio baten truke marka horien publizitatea egiten duten euren web orrietan. Orri horietan izena eman eta erosketaren bat egin baduzu, plataformak zurekin banatuko du etekin horren zati bat. Zenbatekoak ez dira, oro har, oso handiak eta, batzuetan, agindutako dirua itzultzea lortzeko gutxieneko zenbateko batera iritsi beharko duzu.
Erosketa-klub pribatuak ordainpeko harpidetzarekin
Erosketa-klub pribatuek antzera funtzionatzen dute, baina badago aldea: diru-itzultzeak jaso nahi izanez gero, harpidetza ordaindu behar duzu. Espainian badira Privilegios en compras, Ocioneo edo Disfruta y ahorra bezalako web-orriak, hileko kuotak ordaintzeko exijitu dezaketenak, 15 euro ingurukoak, hain zuzen. Horren truke, diru-itzultze handiagoak agintzen dizkizute, %10 artekoak, eta fideltasun txartelak eskaintzen dizkizute.
Kontua da, batzuetan, web-orri horiek iragarki pertsonalizatuekin egiten dutela publizitatea. Elkartutako enpresa bateko orrian produkturen bat erosi berri duzunean agertzen zaizu iragarkia. Hurrengo erosketa batean diru-kopuru handia itzuliko dizutela proposatzen dizute eta, letra xeheari erreparatzen ez badiozu, zure datuak bete eta Onartu botoiari ematen badiozu, une horretan sinatu duzuna klub horretako hileko harpidetza da.
Kontu korronteko zordunketak erregulartasunez egiaztatzen ez badituzu, sorpresa desatsegina aurki ditzakezu bertan: hileko kuotak, 15 eurokoak, eta trukean, normalean, ezer ez.
Deskonturen bat edota diru-itzultzeren bat eskaintzen badizute, irakur itzazu arreta handiz eskaintzaren baldintzak. Eta kontsumitzaile gisa zure eskubideak urratu dituztela uste baduzu, egin erreklamazioa.