plusDuela gutxi

Kreditu azkarrak: irtenbide garestia

Onena ez eskatzea da, baina egiten baduzu, kontuan izan gehiegi zorpetzeko arriskua duzula.

Kreditu azkarrak erraz lortzen dira une ekonomiko zail bat igarotzen ari garenean, baina zor zurrunbilo batean sartzeko arriskua duzu, eta oso zaila da hortik irtetea. 

Zer dira zehazki?

Diru-kopuru txikiko maileguak dira, denbora gutxian ematen dira eta baldintza gutxi eskatzen dizkizute. Hain erraz lortzen dira horretarako erosotasun guztiak ematen dizkizutela: online, telefonoz edo aplikazio mugikorren bidez eska dezakezu. Ohiko banku-maileguek ez bezala, ez dute nomina edo abalik behar, eta horrek are erakargarriago egiten ditu egoera ekonomiko estua duten edo gehiegi zorpetuta dauden pertsonentzat.

Dirua oso denbora gutxian egon daiteke zure kontuan, baina azkartasun horrek prezio bat du: interesak eta komisioak oso altuak dira. Gainera, itzultzeko epea oso laburra izan ohi da.

Mikrokreditu bat eskuratzeko beste modu bat dago, eta batzuetan ez zara horretaz jabetzen: produktu edo zerbitzu bat erostean ordainketa geroratua edo zatika eskaintzen badizute, ziur asko mikrokreditu baten aurrean zaude. 

Arriskuak

  • Interes handia. Kreditu azkar gehienek banku-maileguek baino interes handiagoak dituzte.
  • Ezkutuko komisioak. Enpresa batzuek oso agerian ez dauden komisioak aplikatzen dituzte: kudeaketa-gastuak, penalizazioak, berritze automatikoak...
  • Gainzorpetzea. Pertsona batzuek kreditu azkar bat eskatzen dute aurreikusi gabeko gastu bat estaltzeko, baina garaiz itzultzen ez badute, beste mailegu bat eskatzen dute lehenengoa ordaintzeko. Horrela zorren zurrunbilo batean sartzen dira.
  • Abusuzko praktikak. Informazioa osorik eskaini gabe eskuratzeko erraztasuna nabarmenduz iragartzen dira. Gero, itzulerako dirua erreklamatzeko, enpresa batzuek mehatxu eta dei etengabeak egiten dituzte.

Aholkuak

  • Planifikatu beti zure egoera ekonomikoaren arabera, ordainketak ez egitea saihesteko edo gainzorpetzea saihesteko. Hilero diru kopuru txiki bat aurreztu. Ezustekoei aurre egiten eta maileguak saihesten lagunduko dizu.
  • Galdetu zure bankuan. Ez geratu ikusten duzun lehen iragarkiarekin, alderatu aukera guztiak egokiena aukeratu ahal izateko. Kontsultatu zure bankuarekin, batzuetan kreditu azkarrak baino interes txikiagoko kredituak eskaintzen dituzte.
  • Negoziatu zure zorren ordainketak. Zorrak ordaintzeko kreditu bat eskatu aurretik, saiatu negoziatzen zenbatekoren bat zor diezun enpresekin, ordaintzeko beste aukera erosoago batzuk eskain diezazkizuten.
  • Ez egin erosketa oldarkorrik. Batzuetan, arazo ekonomikoak beharrezkoak ez diren gastuengatik gertatzen dira. Zerbait erosi aurretik, galdetu zure buruari benetan behar duzun.
  • Azkenik kreditu azkar bat eskatzen baduzu: irakurri baldintzak eta ez sinatu ulertzen ez duzun ezer; begiratu ondo UTBren ehunekoari; kontuz aldez aurretik ordainketak eskatzen dituzten edo berankorren zerrendetatik aterako zaituztela esaten duten enpresekin; eta kredituak eskatu itzuli ahal duzunean bakarrik eta nahitaez egin behar dituzun gastuak estaltzeko, inoiz ez premia larrikoak ez diren unean uneko gastuetarako.
  • Galdetu ulertzen ez duzun guztia, eta, ahal den neurrian, eskatu erantzuna idatziz.

Kreditu azkarrak konponbide erraza dirudite, baina benetan tranpa bat dira. Ahal duzun guztietan, saihestu itzazu.