Erosketak
- Erosketa
- Prezioak
- Ordainketak
- Itzulketak
- Merkealdia, promozioak, saldoak eta likidazioak
- Uko egiteko edo atzera egiteko eskubidea
- Merkataritza elektronikoa
- Urrutiko erosketak
- Establezimendutik kanpoko erosketak
Erosketa
Egunero erosten dugu zerbait; horregatik, funtsezkoa da ulertzea badaudelaarauak eta eskubideak geure burua babesteko.
Kontsumitzaile zaren aldetik, funtsezkoa da prezioen eta merkealdien politikak, aurrez aurreko merkataritzan zein merkataritza elektronikoan dituzun eskubideak eta betebeharrak eta abar ulertzea.
Hona hemen kontsumo informaturako funtsezko aholku batzuk, hasteko:
- Alderatu prezioak: erosi aurretik: horrela ziurtatuko duzu eskaintzarik onena lortuko duzula.
- Informa zaitez salmenta-baldintzez: ezagutu baldintzak erosketa egin aurretik, ezusteko desatseginak saihesteko.
- Galdetu, zalantzarik izanez gero: zerbait argi ez badago, ez izan zalantzarik, eta galderak egin.
- Exijitu prezioak agerian egotea: ziurtatu prezioak argi eta garbi ikusten direla.
- Eskatu tiketa edo faktura: eskatu beti ordainagiria, eta jaso, baliagarri izan baitaiteke. Produktu edo zerbitzu bat baino gehiago erosten baduzu, exijitu xehetasunez banakatuta egon daitezela ordainagirian.
Prezioak
Publikoarentzako salmenta-prezioak (PSP) askatasunez zehazten dituzte enpresek, baina, zenbaitetan, hala nola funtsezko zerbitzuen kasuan (elektrizitatea, gasa, farmazia- produktuak, etab.) Estatuak esku hartzen du horiek finkatzeko.
Publikoarentzako prezioei buruzko informazioa
Enpresek azken prezioa erakutsi behar dute, eta, produktua erakusleihoan baldin badago, dendaz kanpotik ikusi behar da prezio hori. Azken prezioak barne hartzen ditu aplikatu beharreko zerga guztiak. Ezin dizute esan "prezio horri BEZa gehitu behar zaio", BEZak barruan egon behar baitu.
Erosketa finantzatuz gero, finantzaketaren kostuei buruzko informazioa ere eman behar dizute, hala nola irekitzeko edo ezerezteko komisioak, ordainketa-aldia, hileko kuota eta azken prezioa.
Solteko produktuen kasuan, prezioa neurri-unitateko adierazi behar da (adibidez, 10 euro kiloko). Pakete edo kopuru finkoetan eskaintzen badizkizute solteko produktuak, ohiko neurri-unitateko prezioa, kantitatea eta azken prezioa adierazi behar dizkizute.
Salbuespen Batzuk
Zenbait kasutan, dendek ez dute prezioak erakusteko betebeharrik:
- Bitxigintzako gaiak
- Larrugintzakoartikuluak
- Oro har, erakusleihoan jar litezkeen eta 600 eurotik gorako balioa duten produktuak.
Hala ere, establezimenduaren barruan kontsultatu ahal izango da produktu bakoitzaren prezioa.
Kolektibo bereziei prezio murriztuetan saltzea
Produktu batzuek prezio murriztuak dituzte talde jakin batzuentzat, establezimenduek dirulaguntzak jasotzen baitituzte, eta ezin zaizkio jendeari, oro har, saldu.
Ordainketak
Enpresek askatasuna dute aukeratzeko zer ordainbide onartzen dituzten, hala nola eskudirua, Bizum, kreditu-txartela edo transferentzia. Dena den, horren berri eman behar dizute. Dendan ikusgai dagoen kartel baten bidez eman dezakete horren berri. Eskudirutan ordaintzeko aukera baino ez dizute bermatu behar.
Itzulketak
Jakin behar duzu produktu bat itzuli nahi baduzu ez dela berdin urrutitik eta denda fisiko batean erosi izana.
Dendetan, ez dago itzulketak edo aldaketak onartzeko betebehar orokorrik, salbu eta produktua egoera txarrean badago. Enpresek beren itzulketa-politikak ezar ditzakete; eta izan daiteke dirua itzultzea, edo bale bat ematea. Betebehar bakarra da politika horiek ikusteko moduan jakinaraztea, kartelen bidez edo erosketa-ordainagirietan.
Produktu akastunak badira, edo apurtuta edo egoera txarrean badaude, enpresak dirua itzuli behar du, edo produktua balio bereko edo handiagoko batekin aldatu, betiere kontsumitzailea ados badago azken aukera horrekin.
Urrutiko erosketa guztietan, Internet bidezko erosketak barne, ordea, atzera egiteko eskubidea duzu, hau da, erosketari uko egiteko eskubidea. Eskubide horri esker, produktua itzuli ahal izango duzu, azalpenik eman gabe, erosketa egin eta hurrengo 14 egunetan (larunbatak, igandeak eta jaiegunak barne), zenbait salbuespenekin (xehetasunez kontsulta ditzakezu hemen). Komeni da itzultzeko politikari buruz informatzea erosketa egin aurretik, ezusteko desatseginik ez izateko.
Merkealdia, promozioak, saldoak eta likidazioak
Erosketen arloan, funtsezkoa da merkealdiak, promozioak, saldoak eta likidazioak bereiztea, kontzeptu bakoitzak baldintza espezifikoak baititu. Hemen azalduko dizugu bakoitza:
- Merkealdiak: establezimenduan normalean aurkitu ditzakezun produktuak prezio txikiagoan saltzen dira denbora jakin batez.
- Sustapena: produktu berri bat sartzeko edo haren salmenta sustatzeko teknika bat da, eta, horregatik, baldintza hobeetan saltzen da denbora batez.
- Saldoak: produktu zaharkituak edo akastunak saltzen dira.
- Likidazioa: denda itxi edo erreformatzen denean, negozioz aldatzean eta abarretan gertatzen da.
Likidazioagatiko salmentetan izan ezik, baliteke aldi berean eskaintzea merkealdiak, promozioak eta saldoak establezimendu berean. Horretarako, beharrezkoa da aukera horien arteko bereizketa egokia bermatzea eta ezarritako informazio-betebeharrak betetzea. Kontsumitzaile zaren aldetik dituzun eskubideen berri izan beti.
Une oro, baita deskontu-aldietan ere, kontuan izan gomendio hauek:
- Saihestu erosketa inpultsiboak: planifikatu, zerrenda bat egin eta zehaztu aurrekontua aldez aurretik.
- Erosketa-tiketa eskatu, eta gorde beti. Horretaz gain, gorde edozein publizitate edo liburuxka, dokumentu lotesleak baitira.
- Aurrea hartu: informa zaitez itzultze-politikari buruz erosketa egin aurretik. Zalantzarik izanez gero, galdetu langileei.
- Aukeratu kontsumoko arbitraje-sisteman parte hartzen duten establezimenduak, gatazkak azkar eta doan konpontzeko bermea baita.
Merkealdia
Gaur egun, merkealdi-garaiak ez daude araututa legez, eta saltoki bakoitzak erabakitzen du noiz egin. Dena den, tradizioz, denboraldi-aldaketetan egin ohi dira, batez ere uztailean eta urtarrilean. Gainera, Black Fridayren ohiturak, Estatu Batuetatik inportatu baita, aldi zabalago batera hedatu ditu merkealdiak.
Funtsezkoa da argi izatea merkealdian produktuen prezioa baino ez dela murrizten, eta kontsumitzaile gisa dituzun eskubideek beren horretan jarraitzen dutela. Hona hemen saltokiek errespetatu beharreko arau batzuk:
- Etiketatze argia: jatorrizko prezioa zein prezio beheratua erakutsi behar dituzte etiketek.
- Salmenta-historia: gutxienez aurreko hilean egon behar izan du salgai produktuak. Produkturen bat, lehenagotik promozioan bazegoen, ezin da merkealdietan sartu.
- Ordaintzeko baldintzak: saltokiek ordainketa-baldintzak aldatu ditzakete merkealdietan, baina jakinarazi egin behar dute.
- Itzulketak: merkealdian itzulketak ez onartzea erabakitzen badu saltokiak, argi eta garbi jakinarazi behar du. Bestela, urtearen gainerakoan aplikatzen den itzultze- politika bera aplikatuko da.
- Merkealdi-lekua: merkealdiak ohiko establezimendu batean egin behar dira. Ezin da berariazko tokirik ireki helburu horretarako.
- Produktuek egoera onean egon behar dute: merkealdian ezin dira egoera txarrean dauden produktuak saldu, ez eta aldi horretan berriro saltzeko asmoz erosi ere.
Sustapenak
Sustapenen helburua da produktu bat ezagutaraztea edo produktu horren salmenta bultzatzea pizgarrien bidez, hala nola prezio abantailatsuak, sariak edo opariak. Hona hemen ezagutu behar dituzun baldintzak eta eskubideak:
- Sustapenaren jakinarazpena: saltokiak argi eta garbi adierazi behar du zer produktu edo zerbitzu dauden sustapenean.
- Sustapenaren xehetasunak: funtsezkoa da sustapenaren baldintzak argi eta kontsumitzaileak ulertzeko moduan zehaztea.
- Indarraldia: dendak argi eta garbi adierazi behar du zenbat denboran egongo den indarrean sustapena.
- Nahikoa izakin: establezimenduak eskainitako produktuen nahikoa izakin izan behar ditu, aurreikus daitekeen eskariari erantzuteko.
- Sustapenaren iraupena: sustapenaren iraupenak ezin du gainditu eskainitako produktuen eskuragarritasuna.
- Produktuek egoera onean egon behar dute: ezin da produktu hondaturik edo zaharkiturik sustatu. Eskainitako produktuen kalitateak egokia izan behar du.
Saldoak
Produktuak saldoetan saltzeak esan nahi du produktu horiek zerbait hondatua dutela edo zaharkituta geratu direla. Hona hemen kontuan hartu beharreko funtsezko informazioa:
- Narriadura jakinaraztea: saltokiak derrigor adierazi behar dizu zergatik saltzen den saldoan produktua, dela narriaduragatik, dela zaharkituta egoteagatik.
- Kokapen fisiko bereizia: saldoek gainerako produktuetatik fisikoki bereizita egon behar dute dendan. Horrela, errazago identifikatzen dira.
- Erreklamatzeko eskubidea: erreklamazioak aurkeztu ahal izateko, produktuak salmenta-prozesuan jakinarazi dizutenaz bestelako akats bat izan behar du. Ezinbestekoa da saltokia gardena izatea alderdi horretan.
Likidazioak
Likidazioko Likidazioko
- Arrazoiak: likidazioa gerta daiteke establezimendu batek bere jarduera erabat edo partez eteten badu, izan behin betiko ala aldi baterako. Kasu hauetan gertatzen da: negozioan aldaketak egiten direnean, ixten denean, lokalaren erreformak egiten direnean edo merkataritza-jardueraren garapen normala eragozten duten ezinbesteko egoeretan.
- Eman beharreko informazioa: horrekin lotutako edozein prozesutan, argi eta garbi azaldu behar da zergatik egiten den likidazio-salmenta, noiz hasiko den eta zer iraupen aurreikusten den. Jarduera partzialki eteten bada, nahitaez adierazi behar da zer produktu dauden likidazioan.
- Denbora mugak:likidazioa ezin da urtebetez baino gehiagoz luzatu. Gainera, establezimendu berean ezin da egin antzeko likidaziorik hurrengo hiru urteetan, salbu eta jarduera erabat uzten bada edo ezinbesteko arrazoiren batengatik bada.
Uko egiteko edo atzera egiteko eskubidea
Atzera egiteko edo uko egiteko eskubideak aukera ematen dizu produktu bat itzultzeko edo zerbitzu bat ezerezteko arrazoia adierazi beharrik gabe eta zehapenik jaso gabe.
Dena den, funtsezkoa da ulertzea eskubide hori ez dela absolutua eta muga batzuk dituela. Jarraian azalduko dizkizugu muga horiek.
Eskubide hori kasu hauei baino ez zaie aplikatzen: online egindako erosketei, urrutiko kontratuei (adibidez, telefonoz egindakoak) eta merkataritza-establezimendutik kanpo egindako kontratuei. Hau da, ez zaie aplikatzen denda fisiko edo konbentzionaletako erosketei.
Zenbat egun ditut atzera egiteko?
14 egun naturaleko epea daukazu atzera egiteko edo uko egiteko eskubidea baliatzeko. Epe horretan sartzen dira larunbatak, igandeak eta jaiegunak?
Noiz hasten dira epeak?
- Zerbitzu-kontratuetan: kontratua sinatzen den egunetik.
- Salmenta-kontratuetan: produktua zuri edo baimendutako norbaiti entregatzen zaionetik.
- Eskaera bakarrean produktu bat baino gehiago erosi badira, azken produktua jasotzean hasten da epea.
- Piezaka edo osagaika erositako produktuen kasuan, azken osagaia edukitzean hasten da epea.
- Aldizkako entregetarako, lehenengo ondasuna jasotzen denean hasten da epea.
- Ur-, gas-, elektrizitate- edo berokuntza-kontratuetan, kontratua egiten den egunean hasten da epea.
- Euskarri materialik gabeko eduki digitaleko kontratuetan, kontratua sinatzen denean hasten da epea.
Enpresak argi eta garbi azaldu behar du atzera egiteko eskubidearen edukia. Hala egiten ez badu, epea 12 hilabetekoa izango da, eta epe horren barruan informazioa ematen badizu, 14 egunekoa izango da epea berriz ere, baina informazioa jasotzen duzun egunetik zenbatuta.
Ez ahaztu komunikazioaren eta itzuli izanaren frogak gordetzea: funtsezkoa izango da, etorkizunean gatazkak sortzen badira.
Nola baliatu dezaket atzera egiteko edo uko egiteko eskubidea?
Jarraitu urrats hauei atzera egiteko eskubidea baliatzeko:
- Jakinarazi zure erabakia enpresari, ezarritako epearen barruan. Bide hauen bitartez egin dezakezu:
- Adierazpen zalantzagabea: argi eta garbi adierazi zure erabakia.
- Erabili 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren B eranskineko formularioa.
- Ziurtatu epearen barruan bidaltzen duzula eskabidea. Atzera egitearen adierazpenaren datak zehazten du ea garaiz igorri zen.
Enpresak aukera eskain diezazuke idatzia elektronikoki bidaltzeko, beraren webgunearen bidez. Kasu horretan, jaso izanaren hartu-agiri bat jasoko duzu euskarri iraunkor batean, hala nola posta elektroniko bidezko dokumentu batean, biltegiratu ahal izateko.
Gogoratu zuri dagokizula frogatzea atzera egiteko eskubidea erabili zenuela epearen barnean. Horregatik, gomendatzen dizugu atzera egiteko komunikazioarekin lotutako dokumentu guztien kopiak egitea eta gordetzea.
Zer gertatzen da atzera egiten badut?
Atzera egiteko eskubidea baliatzen duzunean, iraungi egiten dira betebeharrak, bai zureak eta enpresarenak. Kontratu motaren arabera alda daitezke ondorio espezifikoak:
Elektrizitate-, gas- eta ur-kontratuak (ontziratu gabeak):
- Kontratua egin aurretik hornidura-kontraturik ez bazenuen indarrean eta atzera egiten baduzu, baja emango zaio zerbitzuari.
- Lehenago beste konpainia batekin kontratua bazenuen, aurreko hornitzailearengana itzuli nahi duzula ulertuko da, berariaz aurkakoa adierazi ezean.
Zer gertatzen da kontratua kreditu batekin finantzatu bada?
Kredituarekin finantzatutako kontratuen kasuan, baldintzak desberdinak dira kredituaren izaeraren arabera:
- Enpresa saltzailearekin kontratatutako kreditua: produktua edo zerbitzua saldu dizun enpresarekin kontratatu baduzu zuzenean kreditua, eta kreditua erosketari lotuta badago, hura baliogabetu egingo da, penalizaziorik gabe, atzera egiteko eskubidea baliatzean..
- Hirugarren alderdi batekin kontratatutako kreditua (batzuetan bitartekaria) eta erosketari lotua: hirugarren alderdi batekin kontratatu baduzu kreditua (seguruenik saltzailea bitartekari dela) eta produktua edo zerbitzua erosteari zuzenean lotuta badago, kreditua penalizaziorik gabe deuseztatzen da atzera egiteko eskubidea baliatzean. Kreditu-mota hori helburu zehatz horretarako baino ezin da erabili.
- Norberaren kontura kontratatutako kreditua, erosketarekiko loturarik gabekoa: kreditu bat zure kontura kontratatu baduzu erosketarekin berariaz lotu gabe, kreditua kontratatzeko unean zeure gain hartutako betebehar guztiak bete behar dituzu, baita erosketan atzera egiteko eskubidea baliatzean ere.
Noiz ezin izango dut erabili eskubide hori?
Honako kasu hauetan ezin duzu baliatu atzera egiteko eskubidea:
- Zerbitzua ematen hasteko baimen espresua emanez gero: ezin duzu atzera egiteko eskubidea baliatu zerbitzua ematen hasteko baimen espresua eman baduzu.
- Zuk eskatutako premiazko konponketa edo mantentzea: premiazko konponketa edo mantentzea eskatu baduzu, zerbitzu espezifiko horietara mugatuko da atzera egiteko eskubidea.
- Enkante publiko bidez egindako kontratuak: atzera egiteko eskubidea ez zaie aplikatzen enkante publiko bidez egindako kontratuei.
- Produktu pertsonalizatuak: atzera egiteko eskubidea ez zaie aplikatzen produktu pertsonalizatuei.
- Azkar honda edo iraungi daitezkeen produktuak: ezin duzu atzera egiteko eskubidea baliatu azkar honda edo iraungi daitezkeen produktuetan.
- Zigilatuta saltzen diren produktuak, zigilua kenduz gero, osasun- edo higiene- arrazoiengatik: osasun- edo higiene-arrazoiengatik itzuli ezin diren eta zigilatuta saltzen diren produktuei zigilua kendu badiezu, ez da aplikatzen atzera egiteko eskubidea.
- Entregatu ondoren beste ondasun batzuekin nahasi eta ezin bereizi badira: ezin duzu baliatu atzera egiteko eskubidea entregatu ondoren ondasunak beste ondasun batzuekin nahasi eta ezin badira bereizi.
- Hogeita hamar egun edo gehiago igaro ondoren entregatzekoak diren edari alkoholdunak, merkatuko gorabeheren araberako prezioa itunduta badute: atzera egiteko eskubidea ez zaie aplikatzen hogeita hamar egun igaro baino lehenago entregatu ezin diren eta prezioa itundua duen edari alkoholdunei, baldin eta balioa merkatuaren gorabeheren araberakoa bada.
- Soinu- edo bideo-grabazioen eta zigilua kendu zaien programa informatiko zigilatuen kasuan: soinu- edo bideo-grabazioen eta zigilua kendu zaien programa informatiko zigilatuen kasuan, ezin da baliatu atzera egiteko eskubidea.
- Eguneroko prentsa, aldizkako argitalpenak edo aldizkariak (harpidetza- kontratuak izan ezik): atzera egiteko eskubidea ez zaie aplikatzen eguneroko prentsari, aldizkako argitalpenei edo aldizkariei, baina bai, ordea, harpidetza- kontratuei.
- Prestazioa hasteko baimen espresua eman zaion euskarri materialik gabeko eduki digitala: euskarri materialik gabeko eduki digitalaren kasuan, baldin eta hasteko baimen espresua eman badiozu jakinda hala galtzen duzula atzera egiteko eskubidea, ezin duzu baliatu eskubide hori.
- Finantza-merkatuaren gorabeheren mendeko prezioa duten ondasunak edo zerbitzuak: atzera egiteko eskubidea ez zaie aplikatzen enpresaburuak kontrolatu ezin dituen eta atzera egiteko epean gerta daitezkeen finantza-merkatuaren gorabeheren mendeko prezioa duten ondasun edo zerbitzuei.
- Data edo aldi zehatz bati lotutako opor-alokairuak, hotelak, garraioa, ibilgailuen alokairua, janaria edo aisialdi-jarduerekin lotutako zerbitzuak: gauzatzeko data edo aldi zehatz bati lotuta dauden opor-alokairuen, hotelen, ondasunen garraioaren, ibilgailuen alokairuaren, janariaren edo aisialdi-jarduerekin lotutako zerbitzuen kontratuei ez zaie aplikatzen atzera egiteko eskubidea.
Zer betebehar ditu enpresak? Eta zer eskubide?
Egin dituzun ordainketa guztiak itzuli behar dizkizu enpresak, entrega-kostuak barne, bidegabeko atzerapenik gabe. Enpresak atzera egiteko zure adierazpena jaso zuenetik 14 egun natural igaro baino lehen egin behar da itzulketa.
Dena den, enpresak eskainitako entrega-modalitate merkeena ez den beste bat aukeratu baduzu, enpresak ez du gastu gehigarri horiek ordaintzeko betebeharrik izango. Salmenta- kontratuetan, itzulketa atxiki dezake enpresak harik eta itzulitako ondasunak jaso arte edo itzulketaren froga bat aurkezten diozun arte.
Zer betebehar ditut atzera egiten badut?
Betebehar hauek dituzu atzera egiteko eskubidea baliatzean:
- Ondasunak itzultzea: atzera egiteko erabakia jakinarazi zenuen egunetik 14 egun naturaleko (larunbatak, igandeak eta jaiegunak barne) epean itzuli behar dituzu ondasunak. Betiere enpresak ondasunak jasotzeko eskaintza egin ez badu. Merkataritza-establezimendu batetik kanpo egindako kontratuetan, enpresaren beraren ardura da ondasunak jasotzea, baldin eta beren ezaugarriengatik ezin badira postaz itzuli edo zure etxean entregatu bazizkizun kontratua egiteko unean.
- Itzultze-kostuak: itzulketaren zuzeneko gastuak zeure gain hartu beharko dituzu, kasu hauetan izan ezik: enpresak onartu badu haiek ordaintzea, edo ez badizu aurrez jakinarazi zuk ordaindu behar dituzula.
- Balioa gutxitzeagatiko erantzukizuna: ondasunen balioa gutxitzearen erantzule izango zara soilik baldin eta behar ez bezala manipulatu badituzu, haien izaeraren, ezaugarrien edo funtzionamendua kontuan hartuta. Ez duzu alderdi horren gaineko erantzukizunik enpresak ez bazizun eman atzera egiteko eskubideari buruzko informazioa.
- Zerbitzu-hornikuntzaren kostuak: ez duzu zure gain hartu beharko ur-, gas-, elektrizitate, edo hiri-sistemen bidezko berokuntza-hornikuntzaren gaineko kosturik enpresak ez bazizun kontratuaren aurretik eman beharreko informazioa eman atzera egiteko eskubideari buruz.
- Hornikuntza lehenago hastea: alabaina, berariaz eskatu bazenuen hornikuntzarekin hasteko atzera egiteko 14 eguneko epea amaitu baino lehen, adostutako prezio osoarekiko zenbateko proportzionala ordaindu beharko diozu enpresari, edo, gehiegizkoa bada, merkatuko balioaren zati proportzionala.
Merkataritza elektronikoa
Merkataritza elektronikoak edo produktuak eta zerbitzuak online erosteak arriskuak dakartza, eta funtsezkoa da arrisku horiek ezagutzea, zure segurtasuna bermatzeko. Hona hemen funtsezko puntu batzuk:
Webgunearen segurtasuna egiaztatzea:
- Ziurtatu webgunearen helbidea "https://" duela hasieran. Zerbitzaria segurua dela adierazten du "s" gehigarri horrek. Batzuetan, ordainketa-orrian baino ez da agertzen "s" hori.
- Bilatu giltzarrapo itxi bat pantailaren eskuineko beheko angeluan.
- Giltza oso bat ikusi behar duzu pantailaren eskuineko beheko angeluan.
Segurtasun-egiaztagiria:
- Giltzarrapoaren edo giltzaren gainean klik bikoitza eginez gero, onlineko dendaren segurtasun-ziurtagiriari buruzko informazioa eskuratuko duzu.
- Ziurtagiri horrek bermatzen du bidaltzen dituzun isilpeko datu guztiak modu seguruan joango direla datuak enkriptatzeko sistema baten bidez, normalean SSL (Secure Socket Layer).
- 34/2002 Legea, uztailaren 11koa, informazioaren gizartearen zerbitzuei eta merkataritza elektronikoari buruzkoa.
- 7/1996 Legea, urtarrilaren 15ekoa, Txikizkako Merkataritza Antolatzen duena.
- 7/1998 Legea, apirilaren 13koa, Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzkoa.
- 1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorraren testu bategina eta beste lege osagarri batzuk onartzen dituena.
Erosi aurretik: nahitaezko informazioa
Erosketa bat online egin aurretik, onlineko dendak informazio hau eman behar dizu nahitaez:
- Enpresaren datuak:
- Sozietatearen izena:
- IFZ (identifikazio fiskaleko zenbakia).
- Helbidea eta helbide elektronikoa.
- Komunikazio zuzena eta eraginkorra ezartzeko balio duen beste edozein datu.
- Jokabide-kodeak eta gatazkak konpontzeko prozedurak:
- Enpresa atxikita dagoen jokabide-kodeei buruzko informazioa.
- Gatazka kolektiboak auzibidetik kanpo ebazteko eskura dauden prozedurak.
- Produktuaren edo zerbitzuaren ezaugarriak.
- Produktuaren edo zerbitzuaren fitxa teknikoa edo zehaztapenak.
- Prezioa eta lotutako gastuak:
- Produktu edo zerbitzuaren prezioa.
- Prezioak zerga aplikagarriak sartuta dituen adieraztea.
- Bidalketa-gastuak eta erosketarekin lotutako beste kostu batzuk.
- Ordaintzeko moduak:
- Onlineko dendak zer ordainketa-metodo onartzen duen.
- Entrega egiteko modalitatea eta epea:
- Entrega egiteko epeari eta moduari buruzko informazioa.
- Uko egiteko eskubidea:
- Atzera egiteko eskubidea badela adieraztea..
- Halakorik ez badago, produktu- edo zerbitzu-motaren arabera jakinarazi behar da.
- Kontratazio-prozedura:
- Kontratazio-prozesuan jarraitu beharreko urratsak.
- Kontratua eta haren eskuragarritasuna formalizatzen dituen dokumentu elektronikoa.
- Datuak sartzean egindako akatsak identifikatzeko eta zuzentzeko erabilgarri dauden bitarteko teknikoak.
- Zer hizkuntzatan formalizatu daitekeen kontratua.
- Eskaintzen iraupena:
- Eskaintzen balio-aldiaren zehaztapena.
- Kontratuaren baldintzak biltegiratzeko eta erreproduzitzeko gaitasuna.
Erosketaren momentuan: datu pertsonalak, ordaintzeko moduak eta aduana-zergak.
Onlineko erosketa bat egitean, kontuan hartu beharrekoak:
- Babestu zure datu pertsonalak: ez eman behar baino datu pertsonal gehiago. Onlineko dendak jakinarazi behar dizu nola erabiliko dituen zure datuak eta nola balia ditzakezun erabilera horren gaineko eskubideak.
- Eskaera berrestea: gehienez ere 24 orduko epean berretsi behar dizu onlineko dendak zure eskaera jaso duela. Ziurtatu baieztapen hori artxibatzen duzula.
- Erosketan izandako gorabeherak edo akatsak: erosketa-prozesuan gorabeherarik edo errore informatikorik izanez gero, saiatu berehala konpontzen.
Ordaintzeko moduak
Onlineko erosketak egitean, kontuan izan denda bakoitzak ordaintzeko zer modu eskaintzen dituen:
- Jasotzean ordaintzea: aukera fidagarritzat jotzen da, produktua jasotzean ordaintzen baita.
- Kreditu-txartela: egiaztatu webgunea segurua dela txartelarekin ordainketak egiterakoan. Iruzurrezko kargurik detektatzen baduzu, berehala baliogabetzeko eska dezakezu.
- Aurreordainketako txartel birtualak: txartel batzuk banku-kontuei lotuta daude, eta erosketaren zenbateko zehatza sartzeko aukera ematen dute, iruzurrezko erabilerak izan ditzakeen kalteak mugatzeko.
- Banku bidezko transferentzia: segurua bada ere, kontuan izan ezin duzula ezeztatu hura gauzatu ondoren.
- Posta elektronikaren bidezko ordainketa: banku-kontu baten datuak posta elektroniko bati esleitzen zaizkio. Erregistro bakarrari esker, ordainketa anonimoak egin ditzakezu etorkizuneko erosketetan, PayPalen eta antzeko ordainketa- pasabideen bidez.
- Beste ordainketa-modu batzuk: telefono bidezko ordainketa, txeke elektronikoak, bankuan helbideratzea.
- Saihestu diru-bidalketen sistemak: ez da gomendatzen herrialde batetik bestera dirua bidaltzeko sistemak erabiltzea, segurtasun-arrazoiak direla-eta.
Aduana-zergak ordaintzea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik inportatutako produktuengatik
Europar Batasunerako (EB) inportazio guztiek Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ordaindu behar dute, zenbatekoa edozein dela ere
Europar Batasunak BEZaren Leihatila Bakarra izeneko sistema ezarri du (IOSS ingelesez), izapide horiek errazteko. Sistemari atxikitako denda batean erosten baduzu, dagozkion zergak barne hartuko ditu prezioak. Dena den, kontuan izan sistema honi atxikitzea ez dela nahitaezkoa.
Onlineko denda IOSS sistemari atxikita ez badago, baliteke prezioak BEZa ez izatea sartuta. Kasu horretan, bi aukera izango dituzu:
- Zuk Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin ( ZAEA) kudeatzea zuzenean zerga-izapideak.
- Produktua entregatzen duen garraio-operadoreak kobratuko dizu BEZa (ohikoena izaten da kasu hau).
Garraiolariak BEZa kobratzen badu, %21eko tasa aplikatuko da, baita produktuak BEZ murriztua badu ere (adibidez, liburu bat). Gainera, garraiolariak komisioa kobra dezake muga-zergen kudeaketengatik.
- 7/2021 Dekretuaren. arabera
Erosi ondoren: entrega-epea, bermea eta kontratua ez betetzea
Produktua entregatzeko epea 30 egunekoa da, gehienez ere, erosketa egin duzunetik, ez baduzu bestelako epe bat adostu. Produktuaz gain, enpresak faktura, bermea, atzera egiteko dokumentua eta erreklamazioak aurkezteko helbidea bidali behar dizkizu.
Produktuak ez baditu betetzen publizitateko eta kontratuko ezaugarriak, edo ez badu balio espero diren erabileretarako, edo akatsik badu edo hondatuta badago, produktua kontratuarekin bat ez datorrela jotzen da, eta normativa de garantías. aplikatu behar da. Eskubidea duzu produktua konpondu edo ordeztu diezazuten edo, bestela, prezioa merkatzeko edo kontratua bertan behera uzteko. Produktua dohainik konpondu edo ordeztu behar da, eta ezin izango da kobratu ez bidalketa-gasturik ez eskulan edo materialik.
Enpresak produktua edo zerbitzua ez badu:
- Informatu behar zaitu, eta aukera izan behar duzu dirua bidegabeko atzerapenik gabe berreskuratzeko.
- Enpresa arrazoirik gabe atzeratzen bada dirua itzultzen, bikoitza ordaintzeko eska dezakezu.
- Kalte-ordaina eska dezakezu zenbateko horretatik gorako kalte-galerengatik.
Antzeko ezaugarriak dituen ondasun edo zerbitzu bat entregatu ahalko dizu enpresak, prezioa igo gabe, baldin eta aurretik aukera horren berri eman badizu. Kasu honetan ere atzera egiteko eskubidea balia dezakezu, baina ezin izango dizute eskatu itzulketaren zuzeneko gastuak ordaintzeko.
Atzera egiteko eskubidea
Onlineko erosketak egiten dituzunean, atzera egiteko eskubidea duzu. Eskubide horrek aukera ematen dizu iritziz aldatzeko eta erosketa ezerezteko 14 eguneko epean. Eskubide horrek nola funtzionatzen duen jakin nahi baduzu, atzera egiteko eskubideari buruzko gure
Nola erreklamatu
Internet bidezko erosketa batean arazorik izanez gero, jarraitu urrats hauei:
- Jar zaitez harremanetan enpresa saltzailearekin:lehenik, saiatu arazoa konpontzen enpresa saltzailearekin komunikatuz.
- Erantzun egokirik ezean:ez baduzu erantzun egokirik lortzen, honako aukera hauek dituzu:
- Enpresak establezimenduren bat badu Espainiako lurraldean, hurbilen duzun kontsumitzaileen informazio-bulegora jo dezakezu, edo Kontsumobiderekin harremanetan jarri.
- Enpresa Europar Batasuneko beste herrialde batean badago, Onlineko Auzien Europako Plataforma erabil dezakezu, edo Espainiako Kontsumitzailearen Europako Zentrora jo.
Gomendioak
Hona hemen funtsezko gomendio batzuk, merkataritza elektronikoaren bidezko erosketak egiteko baliagarriak izango zaizkizunak:
Recomendaciones al realizar una compra online:
- Hobeto hemengo dendak, edo Europakoak. EBtik kanpoko onlineko dendetan ziurrenik zailagoa izango da zure eskubideak defendatzea.
- Aztertu erosi aurretik: irakurri produktuaren gaineko balorazio eta iruzkinak.
- Ikusi ea kontsumoko arbitraje sistemari atxikita dagoen.
- Ziurtatu webgunea segurua dela: egiaztatu onlineko dendaren webgunearen segurtasuna.
- Berretsi erosteko zure erabakia: ziur egon erosketa egin nahi duzula, atzera egiteak eta produktua itzultzeak kostuak izan baititzake eta ingurumen-ondorioak baititu beti.
- Aukeratu ordaintzeko modu seguru bat:
- Aukeratu ordaintzeko modu egokiena.
- Ahal izanez gero, ez bidali dirurik eta ez ordaindu aurretik.
- Egiaztatu guztizko prezioa: ziurtatu eskainitako prezioak barne hartzen dituela zergak eta garraio-gastuak edo bestelakoak.
- Gorde informazio garrantzitsua:
- Idatzi eta gorde dendarekin harremanetan jartzeko datuak.
- Artxibatu eskaintzaren eta egindako eragiketen egiaztagiriak edo frogak.
- Aztertu produktua jasotzean:
- Egiaztatu produktua egoera ezin hobean eta arauzko informazioarekin eta dokumentazioarekin iristen dela.
- Akatsik bada, adierazi emate-agirian, eta jakinarazi enpresari.
- Atzera egin nahi baduzu: erosketan atzera egitea erabakitzen baduzu, ziurtatu ezarritako 14 eguneko epearen barruan egiten duzula.
- Zentzuz jokatu, eta ez fidatu honako hauekin:
- Eskaintza merkeegiak.
- Parte hartu gabe irabazten dituzun loteria-sariak..
- Produktua agian existitzen ez deneko enkante tentagarriak.
Ez ahaztu kontuz jokatzea eta gomendio horiei jarraitzea, segurua eta gogobetekoa izan dadin erosketa-esperientzia.
Urrutiko erosketak
Urrutiko erosketak dira enpresa eta kontsumitzailea aurrez aurre egon gabe egiten direnak. Telefono bidezko kontratua da urrutiko kontratu hedatuenetako bat.
Kanpoan geratzen diren kontratuak
Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorraren testu bategina eta beste lege osagarri batzuk onartzen dituen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren III. Tituluaren bidez arautzen dira.
- Alabaina, kasu batzuetan araudi hori ez da aplikatzen. Adibidez:
- Gizarte-zerbitzuak
- Osasunarekin lotutako zerbitzuak
- Joko-jarduerak
- Finantza-zerbitzuak
- Ondasun higiezinak saltzea
- Eskubideak saltzea
- Bidaia konbinatuak
- Garraioa
- Telekomunikazioak
Era berean, enpresak bitarteko elektronikoak erabiltzen baditu merkataritza-komunikazioetan edo kontratazioan, informazio-gizarteko zerbitzuen eta merkataritza elektronikoen arloko araudia ere aplikatu beharko da.
Kontratatu aurreko informazioa
Nolakoak izan behar dute urrutiko komunikazio komertzialek?
Jarraibide jakin batzuk bete behar dituzte urrutiko merkataritza-komunikazioek:
- Berehalako identifikatzea telefono-deietan:
- Argi eta garbi utzi behar dute izaera komertziala dutela.
- Telefonoz deitzean, enpresak nahitaez jakinarazi behar dizu, elkarrizketaren hasieran, zer enpresa den eta zertarako deitzen dizun.
- Mugak eta eskubideak telefono-deietan:
- Ezin dizute dei egin 21:00etatik 09:00etara, ezta jaiegun eta asteburuetan ere.
- Zenbaki identifikagarri bat erabili behar dute.
- Lehenengo eskaintza komertzialean, jakinarazi behar dizute eskaintza gehiago jasotzeari uko egiteko eskubidea duzula.
- Merkataritza-deien aurka egitean dituzun eskubideak:
- Aurka egitean, eskubidea duzu erreferentzia-zenbaki bat eskuratzeko.
- Egiaztagiri bat eska dezakezu; ahalik eta azkarren bidali beharko dizute, gehienez ere hilabeteko epean.
- Enpresak gutxienez urtebetez gorde behar ditu zure datuak eta aurka egitearen erreferentzia-zenbakia.
- Nahi ez dituzun eskaintzei aurka egitea:
- Uko egin diezaiokezu telefonoz, fax bidez edo antzeko beste komunikazio- bitarteko batzuen bidez gogoz kontrako eskaintza komertzialak jasotzeari.
- Lehendik kontratu-harreman bat bazenuen, uko egin diezaiokezu eskaintzak posta elektronikoz edo antzeko beste bitarteko batzuen bidez jasotzeari ere.
- Komunikazio bakoitzean, enpresak jakinarazi behar dizu zer bitarteko erraz eta doako dituzun etorkizunean eskaintzak jasotzeari uko egiteko.
- Araudiak betetzea:
- Enpresek bete beharra daukate adingabeen babesari, intimitatearen errespetuari eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudia.
Zer informazio eman behar didate kontratua egin baino lehen?
Kontratua egin aurretik, enpresak informazio hau eman behar dizu, modu argi eta ulergarrian:
- Ezaugarri nagusiak::eskainitako ondasunen edo zerbitzuen funtsezko ezaugarrien deskribapen xehatua.
- Enpresaren datuak:enpresaren identitate osoa, barne harturik izen komertziala, helbide fisikoa, telefono- eta fax-zenbakiak eta helbide elektronikoa.
- Erreklamazioetarako helbidea:erreklamazioak bidaltzeko helbidea desberdina bada, esan behar dute zein den.
- Guztizko prezioa eta gastu gehigarriak:prezio osoa, zergak eta tasak barne dituela. Prezioa aldez aurretik kalkulatu ezin denean, adierazi behar dute nola finkatuko den. Gastu gehigarri guztiak sartu behar dira, hala nola garraioa, entrega edo posta-gastuak.
- Ordainketa-, entrega- eta zerbitzu-prozedurak:ordaintzeko, entregatzeko eta zerbitzua egiteko prozedurei buruzko xehetasunak eman behar dituzte, bai eta ondasunak entregatzeko edo zerbitzuak emateko hitzartutako data ere.
- Erreklamazioen tratamendua:erreklamazioak tratatzeko sistemari buruzko informazioa.
- Atzera egiteko eskubidea:atzera egiteko eskubidea badago, xehetasunak eman behar dituzte eskubide hori gauzatzeko baldintzei, epeari, prozedurei eta, hala badagokio, formulario-ereduari buruz. Itzulketa-kostuen berri ere eman behar da.
- Bermeak eta saldu ondoko laguntza:legezko berme bat dagoela gogorarazi behar dute, eta saldu osteko laguntzari eta zerbitzuei eta merkataritza-bermeei buruzko xehetasunak eta haien baldintzak eman behar dituzte.
- Jokabide-kodeak eta kontratuaren iraupena:jokabide-kodeei, kontratuaren iraupenari eta, hura zehaztugabea bada, kontratua suntsiarazteko baldintzei buruzko informazioa.
- Obligazioen eta gordailuen iraupena:obligazioek gutxieneko iraupena badute, edo gordailuak edo bestelako finantza-bermeak egonez gero, horri buruzko informazioa eman beharko dute.
- Erreklamazioak egiteko auzibidetik kanpoko sistema:erreklamazioak egiteko auzibidetik kanpoko sistema batera jotzeko aukerari eta sistema horretara jotzeko moduari buruzko informazioa.
Garrantzitsua da azpimarratzea kontratuaren aurreko informazio hori kontratuaren parte dela, eta bi alderdiek espresuki adosten badute baino ez dela aldatuko. Enpresak frogatu behar du betebehar hori bete duela.
Kontratuaren betekizunak
Zer eskakizun formal bete behar dituzte urrutiko kontratuek?
Urrutiko kontratuek baldintza formal jakin batzuk bete behar dituzte:
Kontratu aurreko informazioa:enpresak argi eta modu ulergarrian eman behar dizu kontratuaren aurreko informazioa, edo zure eskura jarri, erabilitako urrutiko komunikazio- teknikaren arabera.
Informazioaren hizkuntza:gutxienez gaztelaniaz eta proposamenean erabilitako edo kontraturako aukeratutako hizkuntzan egon behar du informazioak.
- Bitarteko elektronikoz egindako kontratuak:
- Kontratua bitarteko elektronikoz egin bada eta ordaintzeko betebeharra badakar, enpresak argi jakinarazi behar dizkizu, eskaera egin aurreko unean, ondasunen eta zerbitzuen ezaugarri nagusiak, prezio osoa, iraupena eta abar.
- Egiaztatu behar du espresuki berretsi duzula badakizula eskaerak ordaintzeko betebehar bat dakarrela. Eskabidea botoi baten bidez egiten bada, argi eta irakurtzeko moduan etiketatuta egon behar du botoiak.
- Merkataritzarako webguneek argi eta irakurtzeko moduan adierazi behar dute, erosketa hasten den unean, entregatzeko murrizketarik baden eta zer ordainketa-modalitate onartzen diren.
- Telefonoz egindako kontratuak:
- Elkarrizketaren hasieran, enpresak adierazi behar dizu zer enpresa den eta zer merkataritza-xede duen deiak.
- Enpresak kontratu bat egiteko deitu badizu, idatziz berretsi beharko dizu eskaintza, edo beste edozein euskarri iraunkor erabiliz.
- Euskarri iraunkortzat jotzen da etorkizunean kontsultatu ahal izateko informazioa gordetzeko aukera ematen dizun edozein bitarteko (papera, USB memoriak, CD-ROMa, DVDa, memoria-txartelak, disko gogorrak, mezu elektronikoak eta SMS mezuak).
- Zeure sinaduraren bidez edo zure adostasuna idatziz bidali ondoren baino ez da egongo kontratuarekiko lotura.
- Sinatutako kontratuaren berrespena euskarri iraunkorrean eta arrazoizko epe batean entregatu behar da, beranduenez produktua entregatzean edo zerbitzua egiten hasi aurretik.
Zer egin dezaket kontratua egin ondoren enpresak ez badit kopia edo berrespena ematen?
Kontratu bat sinatu baduzu eta enpresak ez badizu kopiarik edo berrespenik eman, honako ekintza hauek egin ditzakezu:
- Baliogabetzeko eskatzea:eskubidea duzu kontratua deusezta dadila eskatzeko dagokion dokumentazioa ez emateagatik.
- Kontsumitzailearen erantzukizun esklusiboagatiko deuseztasuna:enpresak ezin du kontratua baliogabetzeko eskatu, baldin eta frogatzen ez badu zeu zarela ez- betetzearen erantzule bakarra. Hau da, enpresak frogatu badezake ez-betetzea zure ekintzen edo zabarkeriaren ondorioa baino ez dela.
Eskaintza loteslea izan daiteke horretarako baimen espresurik eman ez badut?
Ez, eskaintza batek ezin zaitu lotu zure baimen espresurik gabe.Enpresak produktu bat bidaltzen badizu edo eskatu ez duzun zerbitzu bat ematen badizu eta horretarako baimen espresurik eman ez baduzu, ez zaude behartuta horregatik ordaintzera.
Gainera, itzultzea erabakitzen baduzu, ez dituzu zure gain hartu beharko sortutako kalteak, eta eskubidea izango duzu kalte-ordain bat jasotzeko ordaindutako gastuengatik eta jasandako kalte-galerengatik. Laburbilduz, zure erantzunik eza ez da kontratuaren onarpentzat jotzen.
Enpresaren betetzea
Noiz bete behar du enpresak urrutiko kontratua?
Enpresak 30 egun naturaleko epean bete beharko du hitzartutakoa, beste epe bat adostu ez baduzue. Enpresak ezin badu ondasuna edo zerbitzua eman, horren berri eman behar dizu, eta ordaindutako zenbatekoak lehenbailehen berreskuratzeko eskubidea izango duzu.
Enpresak diruaren itzulera atzeratzen badu justifikaziorik gabe, zenbatekoaren bikoitza ordaintzeko eskatu ahal izango diozu, eta gainera eskubidea duzu zenbateko horretatik goragoko kalte-galerengatiko ordaina jasotzeko.
Beste produktu edo zerbitzuren bat entregatu diezadake eskatutakoaren ordez?
Bai, enpresak beste produktu edo zerbitzu bat eman diezazuke jatorriz eskatutakoaren ordez, baina bakarrik aukera horri buruzko informazio espresua jaso baduzu.
Enpresak ez badauka eskatutako ondasun edo zerbitzua, antzeko ezaugarriak dituen eta kalitate bera edo hobea duen ondasun edo zerbitzu bat eman diezazuke, prezioa igo gabe. Egoera horretan, atzera egiteko eta kontratua eteteko eskubideak baliatzeko eskubidea duzu, hasiera batean eskatutako ondasuna edo zerbitzua balitz bezalaxe.
Urrutiko kontratu batean txartel bidez egiten badut ordainketa, baliogabetu dezaket kargua?
Urrutiko kontratu batean txartelarekin ordaintzen baduzu, kasu honetan bakarrik eskatu ahal izango duzu kargua berehala baliogabetzeko: baldin eta bidegabeko edo iruzurrezko moduan egin bada. Erosketa modu legitimoan egin baduzu eta baliogabetzea ez badago lotua atzera egiteko edo kontratua eteteko eskubidea baliatzearekin, behartua egongo zara enpresari kalte-ordainak ematera baliogabetzearen ondorioz sortutako kalte-galerengatik.
Gomendioak
Hona hemen funtsezko gomendio batzuk urrutiko erosketak egiterakoan baliagarriak izango zaizkizunak:
- Ez erosi modu inpultsiboan: pentsatu produktuari buruz eta ea benetan behar duzun.
- Kontratua sinatu aurretik, ziurtatu deskribatutako baldintzak betetzen dituela produktuak.
- Ondo irakurri kontratua sinatu aurretik, eta ez sinatu ulertzen ez duzun ezer.
- Ondo begiratu kontratuaren datuak: ez fidatu posta-kutxa beste helbiderik ez duen kontratu batez.
- Egiaztatu nori dagokion bidalketa-gastuak ordaintzea.
- Ez fidatu mirarizko produktuekin.
Establezimendutik kanpoko erosketak
Merkataritza-establezimendutik kanpo egindako kontratuetan hainbat kasu sartzen dira:
- Saltzailearen establezimendutik kanpo egiten diren kontratuak dira; adibidez,zure etxean edo merkataritza-gune bateko stand batean.
- Establezimenduan bertan edo urrutiko komunikazio-bitarteko bat erabiliz egiten direnak, kontsumitzaile eta erabiltzailearekin harreman pertsonala eta banakakoa izan eta berehala, baldin eta harreman hori merkataritza-establezimendua ez den beste leku batean gauzatu bada, bi alderdiak bertan direla.
- Produktuak edo zerbitzuak sustatzeko eta saltzeko asmoz antolatutako txango batean egindako kontratuak.
Kontratu horiek urrutiko kontratuak bezala araututa daude funtsean.